XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) 0/00 31tik gorakoak, hiru momentutan agertzen dira: 1823, 1829-1830 eta 1834-1839 urteetan, alegia.

Tarte kritiko hauetaz aparte, ia tasa guztiek ez dute 0/00 24a gainditzen eta 1840etik 1844era arte 0/00 20tik beherakoak dira.

Andoaingoa ez da kasu bakarra, horrelako bilakaera beste leku batzuetan aurkitzen baitugu.

Adibidez, Oñatin ere urte beretan izan zen gehiegizko hilkortasuna (13)Ik. Juan Jose MADARIAGA ORBEA, Actitudes ante la muerte en el valle de Oñati durante los siglos XVIII y XIX (Doktorego-Tesia), Euskal Herriko Unibertsitatea, Argitalpen-Zerbitzua (mikrofitxa), 1991. 417. or..

Zeintzu ziren hilkortasunaren hiru gorakada horien zergatiak?

1823 urtekoa ulertzeko (0/00 31) ez dugu argibide handirik eriden, baina badira adierazkorrak izan litezkeen datuak.

1824eko maiatzaren 18an Andoaingo Udalak eskutitz bat igorri zion Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Gutunean aipatzen diren gai eta arazoen artean, herriko gizarte-egoerari buruzko komentarioak agertzen dira.

Andoainen familia asko pobrezian eta premia gorritan bizi zela ezagutarazten digu gutun horrek (muchedumbre de familias miserables), baita pertsona behartsuen kopurua gehiegizko eta harrigarria zela ere (excesivo y extraordinario número de indigentes).

Horrek guztiak joan zen urtetik zirauen nekazari-krisialdia adieraz lezake agian.

Beraz, 1824eko udaberrian krisialdiaren ondorioak nabaritzen ziren oraindik.

Beharbada, 1824ean zehar egoera hobetzen hasi zen, orduan hilkortasun-tasak gutxitu baitziren.

Gipuzkoako beste herrietako datuek egiazta lezakete honako hipotesi hau (14)Ik. A.U.A., LH/30 espedientea (1824-5-18)..

Eritasunek ere erasotu zuten Gipuzkoako biztanleria 1823an.

Nafarreri eta elgorriarekin batera, fiebre amarilla zelakoa hedatu zen gure Lurralde Historikoan.

Egia esan, azken gaitz horrek asaldatu zuen gipuzkoar gehien.

Sukarrak kutsaturiko lagunak zekartzan itsasontzi bat iritsi zen Pasaiako portura 1823ko irailean.

Fiebre amarilla-ren zabaltzea oztopatzeagatik kontrolak ezarri ziren Hondarribian, Lezon, Errenterian eta Donostia inguruan (Altzan eta Igeldon).

Nahiz eta agintariek horrelako neurriak jarri, izurritea Andoainera heldu zen.

Herrian, 1823an 50 pertsona hil zen guztira.

Hiltze hauetako 26 urritik abendura gertatu zen.

Nekazari-krisialdia izan bazen, gaitzek lagundu zioten bizitzaren aurkako burrukan (15)Ik. MADARIAGA, Actitudes ante la muerte ... Oñati, 393. eta 427. or.

Bigarren momentu kritikoa 1829-1830 urteei dagokie, hilkortasun-tasa 0/00 31a izan zenean.

Hilkortasunaren gorakada horretan gaixotasun baten eragina nabaritzen dugu, nafarreriarena, alegia.

Andaingo Udalaren dokumentazioak arazoa aipatzen du.

Agirietan esaten denez, izurritea 1829ko udan heldu zen herrira.

Udalak eriak isolatzeko agindu zuen kutsaduraren hedapena geldiarazteko asmoz.

Gaisoen isolamendua ohizko metodoa zen horrelako kasuetarako, aspalditik erabilia izan zena.

Ez dakigu Andoainen txertaketara ere jo zutenentz.

Herriko sendagilea, Jose Antonio de Zabala, hiru hilabetetan aritu zen (...).